XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKADIN ERE IKASLEEK KALEAK HARTU ZITUZTEN. SENek egindako deialdia arrakasta eskasa jaso euskal ikasleengan

Estatu frantsesean emandako mobilizazioengatik izan zen?, hor dago koxka.

Zalantza eta galdegai guztien gainetik errealitea dakusagu, Euskal Herrian ikasle mugimendua finkatzen ari da, ikastetxe guztietatik ordezkariak biltzen dituen koordinakundeari esker.

Eta koordinazioaz gain, oinarrizko puntu batzu lortu dituzte burrukatzeko orduan: selektibitatea eta tasen igoerari ez, irakaskuntza publiko eta euskaldun baten alde, euskal barruti unibertsitari baten erreibindikazioaren barruan kokatuz.

Bitartean, euskal ikaslegoak SEN delakoak egindako deialdiari uko egiten dio.

Piztu da gazteriaren adorea, irakaskuntzari dagokiona behintzat.

Estatu frantsesetik zetorren olatuak islada izan zuen Euskal Herrian.

Baina zalantza segidan datorkigu, koordinakundearen sormena honen ondorioa izan ote da?.

Beraiek onartzen dute estatu frantsesean gertatutakoa ispilu bat bezalakoa izan zela, baina beti gure herrian ematen den burruka eta dinamika espezifiko horren barruan.

Lehenengo mobilizazioak

Abenduan lehenengo deialdia egin zen.

Euskal ikaslegoa guztiz eratu gaberik aurkitzen zelarik.

Garai horretan nabariagoa zen alboko estatuan ematen ziren mobilizazioen eragina eta greba oso erraz atera zuten konbokatzaileek.

Hemen gauza bitxia gertatzen da, greba aurrera doa ikasleen koordinaziorik gabe.

Oporrek muga markatu zuten.

Hortik aurrera beste mobilizazioen eragina zenbatzea zailagoa bihurtu zen.

Baina oporrak gauza eta ideiak argitzeko baliogarriak izan ziren koordinazioa beharrezkotzat jotzen zuten ikasleentzat.

Behar hori kontutan hartuz koordinakundearen lehenengo pausoak prestatu ziren.

Erdimailako Irakaskuntza eta Hezkuntza Profesionaleko ikastetxe guztiek, publiko zein pribatuek, ordezkari bi hautatu zituzten herrialdeko koordinakundea osatzeko asmoz.

Geroxeago herrialdeko koordinakunde bakoitzak lau ordezkari hautatu behar zituen Hego Euskadiko ikasleen koordinakundea egiteko.

Koordinakundeak protagonismoa hartzen du

Koordinakundea osatu ondoren, grebarako deia zabaldu zuen, hilaren 14rako hain zuzen.

Konbokatzaileen ustez oso azterketa garrantzitsu bilakatu zen deialdia, koordinakundeak zituen indarrak neurtzeko froga bihurtu baitzen.

Elurtearen erdian arrakasta nabaria ezagutu zuen konbokatoriak, herri askotan manifestazioak ospatzen ziren bitartean.

Adore haundiz hartu zituzten hurrengo proiektuak; 19 eta 20rako beste greba batetarako deia bota zuten.

Momentu horretan lehenengo iskanbilak sortu ziren Koordinakundea eta SEN delakoaren artean. Zergatik?.

SEN ikasle sindikatuak lortu zuen protagonismoa egunez egun galtzen ari zen.

Azken finean betiko leloa zen: herri honen izaera berezia ez zuten onartu nahi.

PSOE eta UGT SENen bultzatzaileak?

SENek, batez ere arrakasta ia zihurtzat ematen zuelako, Koordinakundearen greban parte hartzera deitu zuen, nahiz eta ekintza testimonialista izan.

Pasa den astelehenean eta asteartean egindako greban, ehuneko 100 bat lortu zen koordinakundearen ustez; eta ehuneko 70a Hezkuntzako Delegazioen ustez.

Hala eta guztiz ere, ezin du inork ukatu erakutsi zen mobilizapenerako kapazitatea.

Bitartean SENek estatu espainolean zehar egiteko konbokaturik zegoen grebara deitu zuen ere, gaur bertan bukatzeko.

Euskal Herrian ia ez du arrakastarik lortu, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan.

Greba segitu dute Nafarroa eta Arabako ikastetxe batzuetan.

Huts egin ondoren, sindikatuak agiri baten bidez Koordinakundearen aurkako salaketa gogorrak botatzen zituen: adibidez ikasle mugimenduaren batasuna edo sindikatoak egindako mobilizazioak hondatu nahi zituela.

Koordinakundeak erantzun du ere bai: beren ustez garrantzitsua da protesta ekintzei jarraitzea, baina mugimendua ez da hainbeste grebarekin erre behar.

Baina leku guztietatik SENen aurka bota dira salaketak; Jarraik, adibidez, gogor salatzen du talde eta interes espainolistek bultzatutako sindikatu mamua, horren bitartez PSOE eta UGTk euskal ikasleen mugimendu iraultzailea maneiatu nahi duela esanez.

Edo Bilboko Eskurtze zentroan gertatu den bezala, batzuek Sindikatuaren aitzakiarekin oporrak luzatzea besterik ez dutela nahi, zentroak koordinakundeari sostengua eman ondoren, horren aurka dauden ikasleak deskalifikatuz.

Baina horixe ez da bitxiena, beste zentro batzuetan otsailerako konbokatoriak agertu direlako, eta zirkuloa borobiltzeko Iruñeako SENeko partaideak ordenu-zerbitzua jarri behar dute ikasleek PSOE-SEN berdin da oihuka ez dezaten.

Arlo guztietan bezala denborak arrazoiak banatuko ditu hurrengo egunetan zehar.

JABOTXA Hernani.